23 abril 2011

54 - Eskolakideen kontrako erasoak



Idazle:ARANTZA URRETABIZKAIA

Duela gutxi arte emakumeei egindako tratu txarrak kontu pribatua ziren, etxekoei bakarrik zegokiena. Horregatik kostatu zitzaigun hainbeste arazoaren zabala ulertzea. An- tzeko zerbait ari zaigu gertatzen oraintxe bertan eskolakideen arteko erasoekin, betidanik ezagutu ditugula baina ez genekiela noraino heltzen ziren ustezko umekeria horien kalteak. Egia esan, Hondarribiko gaztetxo hark bere buruaz beste egin zuen arte, gizarteak ez zuen arazoaren berririk. Etxe batzuetan bai, baina kaltetuen etxeetan bakarrik. Kaltegileen etxeetan aipatu ere ez zen egiten kontua edo, aipatzen zen gutxitan, gurasoek ez zioten duen garrantzia ematen. Are gehiago, irakasleriak ere apenas hartzen zuen ain- tzat arazoa edo, zehazkiago, gutxiengo batek bakarrik onartzen zuen eskolan ikasleen artean tratu txarrak gertatzen zirenik. Gero, kontua gizarteratu zenean, edonon azaltzen ziren txikitan portaera malapartatu hori sufritu eta ahaztu ez zutenak, helduaroan ere kalte haien ondorioak sufritzen zituztenak. Ondoren, sarritan hain geldiro erreakzionatzen duten erakundeek ere adierazi digute arazoa oso zabaldua dagoela gure eskoletan, era eta maila guztietako eskoletan eta neurriak hartzen hasiak dira. Orain kaltegileen gurasoak dira ezikusiarena egiten duten bakarrak, erasoei garran- tzia kendu nahi dieten bakarrak. Kaltetuak, berriz, lehen baino babestuagoak daude, besterik ez bada bakarrik ez daudela dakitelako. Baina bi multzo horien erdian talde zabalagoa dago, hain zuzen erasoak ikusi ondoren isiltzen direnen taldea, beti ere gurasoen baimenarekin. Zu ez nahastu kontu horietan, aholkatzen dute, duela berrogeita hamar urte politikari buruz ematen ziguten aholku bera, zu zeureaz arduratu behar duzu, zeureaz bakarrik. Zentzu horretan, ikasle multzorik handiena ere kaltetua gertatzen da, elkartasuna ikasten ez duen neurrian. Noski, biktima nagusiak erasoa jasaten dutenak dira, baina erakundeek ez lukete maioria isila ahaztu behar, horiengana luzatu beharko lituzkete mezuak, emakumeen kontrako tratu txarrekin egiten ari diren bezalaxe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario